TESTUAREN TAMAINA
KONTRASTE HANDIA (ARGIA)
KONTRASTE HANDIA (ILUNA)
ERABILI DAITEZKEEN LETRA-MOTAK

Etika eta kooperatiba

Parte-hartzea eta gobernantza

13 Grados: Itsasoa komunitate bihurtzen denean

13 Grados: Itsasoa komunitate bihurtzen denean

13 Grados: Itsasoa komunitate bihurtzen denean

Galizian, itsasoa identitate kolektiboaren parte da. Ur-azalaren azpian, oso mundu aberatsa dago, aberats bezain ezezaguna, eta hori bisibilizatzeko sortu zen 13 Grados kooperatiba.

13 Grados irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat da, Sara Carrascok eta Silvia Iglesiasek osatua, eta sei urteko ibilbidea du jada. Haren misioa da Galiziako itsaspeko biodibertsitatea ezagutaraztea eta balioestea, haren hauskortasunari buruzko kontzientzia sortzea eta pertsonen eta itsas ekosistemaren arteko lotura emozionala sortzea. Itsasoaren osasunak herritar guztiei eragiten dielako, baita kostaldetik urrun bizi direnei ere.

Kooperatibaren izenerako, Galiziako uraren batez besteko tenperatura erabili dute: 13 gradu. Zifra hori, eragozpen izatetik urrun, funtsezkoa da itsaspean bizi den biodibertsitateari eusteko.

Liluratik proiektura

13 Grados kooperatibaren sortzaileek —bata psikologoa da, eta bestea, fisioterapeuta— Galiziako urpeko aberastasuna aurkitu zuten urpekaritza-ikastaro bat egitean. Bidaia baterako prestakuntza gisa hasi zenak bizitza-aldaketa bat ekarri zien azkenean. Itsas biologiaren eta kontserbazioaren arloko prestakuntza eskuratu zuten, beren lanak utzi zituzten eta kooperatiba sortu zuten.

Urpean maiz ibiltzen zirenez, itsasoaren edertasunaz gozatu ahal izan zuten, baina itsasoak dituen mehatxuak ere egiaztatu zituzten: zaborra ikusten zuten murgiltzen ziren bakoitzean, arrantza-aparailuen hondarrak, plastikoak, tenperaturaren igoeraren ondorioak, urpeko basoak osatzen zituzten algen desagerpena eta espezie-aldaketak bertako ekosisteman.

13GR INMERSIÓN

Hezkuntza, teknologia eta herritarren zientzia

13 Grados kooperatibak honako hauek uztartzen ditu: tailerrak ikastetxeetan, akuarelazko ilustrazioak, urpeko bideoen proiekzioak eta murgiltze-esperientziak urpeko robotak eta errealitate birtualeko betaurrekoak erabiliz. Snorkel- eta urpekaritza-ibilbideak ere antolatzen dituzte, betiere aldez aurreko azalpenak eginda, ingurunearekiko errespetua sustatzeko.

Gainera, herritarren zientziako proiektuetan parte hartzen dute: espezieei argazkiak ateratzen dizkiete, datuak erregistratu eta plataforma zientifikoetara bidaltzen dituzte, populazioak zehazten laguntzeko, eta, hala, babes-neurriak eskatzeko. Herritarrak aldaketaren parte aktibo bihurtzeko modu bat da hori.

Kooperatibismoa eta banka etikoa

Eredu kooperatiboa bat etorri zen lana ulertzeko zuten moduarekin: antolaketa demokratikoa eta balioen lehentasuna, etekinen maximizazioaren aurretik. Koherentzia horren bila iritsi ziren Fiare Banca Etikara.

Bankuko bazkideak dira, eta bereziki balioesten dituzte gertuko tratua, gardentasuna eta balio partekatuak dituzten proiektuen sarea. Laster Fiareko bazkideen batzarrean parte hartuko dute Vigon, eta oso jarduera berezi bat egingo dute.

13 Grados kooperatibak erakusten du posible dela itsasoarekin —eta baita ekonomiarekin ere— beste modu bateko harremanak izatea, zaintza, komunitatea eta koherentzia ardatz hartuta.