Pasa den ekainean Jubilar Villa Rosita proiektua bisitatzeko aukera izan genuen Torrelodonesen. Bisita kooperatibako familia unitate baten eskutik izan zen: hain zuzen ere, kooperatibako presidenteordearen eskutik. Bisitan zehar, gogotsu erakutsi zizkiguten instalazioak, komunitatearen egunero bizimodua nolakoa den azaldu ziguten, eta elkarrekin bizitzeko proiektu berritzaile hau abian jartzeko esperientziaren berri eman ziguten. Ikusi genuenak baieztatu zigun Jubilar Villa Rosita ez dela soilik bizitegi-multzo bat, zahartze aktiboaren, autonomiaren eta elkarrekiko babesaren aldeko benetako apustu bat baizik.
Irabazi-asmorik gabeko etxebizitza kolaboratibo horrek erabilera lagatzearen erregimena du oinarri, eta konpromiso komunitario handia du. Torrelodonesko Colonian (Madril) dagoen finka historiko batean dago kokatuta, lursailak 15.000m² inguru ditu, eta naturarekin bat eginda bizi dira: 150 zuhaitz babestu, antzinako uharkak eta haize-errota bat daude, eta naturako elementu horiek arkitektura jasangarri, integratzaile eta errespetuzkoarekin nahasten dira.
Arkitektura kolaboratiboa eta kudeaketa partekatua
Villa Rosita lankidetzan diseinatu eta eraiki da, metodologia berritzaile baten bidez: Integrated Project Delivery (IPD). Parte hartu duten eragile guztiek —kooperatiba, MMN arquitectos eta Morar Arquitectura arkitektura-estudioak, Zerocity IPD kudeatzailea eta ACR eraikuntza-enpresa— prozesu partekatu eta garden batean egin dute lan, eta kooperatibistek aktiboki parte hartu zuten proiektuaren etapa guztietan, baita astean behingo obrako bileretan ere. Arkitektura kolektiboa egiteko modu hori funtsezkoa izan da bertan bizi direnen beharrei benetan erantzuten dien espazioa lortzeko.
Eraikuntza jasangarria
Steel framing sistema baten bidez eraiki zen, altzairu galvanizatu arineko panelen teknologia erabiliz. Horri esker, bizitegi-multzoa 14 hilabetean eraiki ahal izan zen (sistema tradizionalarekin 18 hilabete beharko ziren). Sistema horrek, hondakinak murrizteaz eta efizientzia energetikoa hobetzeaz gain, kalitate eta iraunkortasun handia bermatzen du eraikuntza-materialetan eta -prozesuetan.

Bizitza komunitarioa eta espazio partekatuak
29 etxebizitza irisgarri eta egokituk osatzen dute konplexua, eta autonomia pertsonala eta bizitza komuna sustatzeko dago pentsatuta. Horrez gain, proiektuaren bihotza diren espazio komunitarioak daude: sukalde eta jantoki komunitarioak, egongela eta jarduera-gela, baratze ekologikoa, bisitentzako gelak eta auzora irekitako erabilera anitzeko guneak.

Bisitan zehar, han bizi diren pertsonek harrotasunez kontatu ziguten nola autokudeatzen diren, nola antolatzen diren jarduerak, eta nolakoa den bizi baino lehenagotik eraikitzen joan diren elkarri laguntzeko sarea. Villa Rosita komunitate solidario eta horizontala izan daitekeenaren adibide bizia da.
Etxebizitza eraldatzaile baterako finantzaketa etikoa
Fiare Banca Eticak laguntza eman dio proiektu honi garapen-fasetik hasita, eta etika-, gizarte-, eta ingurumen-irizpideak dituen finantziazioa eskaini dugu. Proiektu honek ezin hobeto irudikatzen ditu sustatzen ditugun balioak: lankidetza, jasangarritasuna, berrikuntza soziala eta pertsonak erdigunean jartzea. Bizitzeko —eta finantzatzeko— beste modu bat posible dela argi erakusten du horrek.
Kopiatu daitekeen eredua
Etxebizitza gisa duen balioaz haratago, Villa Rositako cohousing seniorraren eredua beste toki batzuetan kopiatu daiteke, urgentziazko errealitate sozial bati erantzuten baitio: aktiboki, autonomiaz, baina elkarren zaintzari uko egin gabe, zahartu nahi duten adinekoentzako bizileku-alternatiben beharra. Ikuspegi kooperatiboari, diseinu jasangarriari eta kudeaketa parte-hartzaileko sistemari esker, proiektu hau erreferentzia bihurtu da herrialdeko hainbat eskualdetan dagoeneko sortzen ari diren antzeko ekimenetarako.

Villa Rosita ez da soilik bizileku-erantzun bat; bertako kideek hautatutako, eraikitako eta zaindutako komunitate bat da. Fiare Banca Eticak pertsonak, ingurunea eta guztion ongia erdigunean jartzen dituzten ekimenak babesten jarraituko du.
Argazkiak: Marta Ruiz Jadraque

Adikzioei aurreiritzirik gabe aurre egitea: Gizakia Helburu Granada
26.06.2025
Har ezazu parte Batzarrean, eta ezagutu Madrilen finantzatutako errealitateak
26.02.2025

Goiener: subiranotasun energetikorantz eta energia berriztagarri baterantz
25.06.2024

Lanagro:lan duina eta egonkorra nekazaritza-sektorean
27.05.2024

Femarec, tres décadas de inclusión sociolaboral
06.03.2024

Etxebizitza kolaboratiboa Valdecorvosen
05.02.2024