TESTUAREN TAMAINA
KONTRASTE HANDIA (ARGIA)
KONTRASTE HANDIA (ILUNA)
ERABILI DAITEZKEEN LETRA-MOTAK

Finantza etikoak

Finantza etikoei buruzko berri guztiak

Banka etikoa etxe bihurtzean: ibilbidea Bartzelonan, jada arauak aldatuz doan hirian

Banka etikoa etxe bihurtzean: ibilbidea Bartzelonan, jada arauak aldatuz doan hirian

Banka etikoa etxe bihurtzean: ibilbidea Bartzelonan, jada arauak aldatuz doan hirian

Bartzelonan asteburu bakar bat igarota, Italiako eta Espainiako gazte talde batek bertatik bertara ikusi ahal izan zuen Europan beste modu batera bizitzea ez dela soilik aukera bat, errealitate bat baizik.  Etxegabetasunetik etxebizitza kooperatibora eta ekonomia solidariora, kronika honek irizpide etikoekin finantzatutako proiektu errealak ditu hizpide; etxebizitza eskubide bihurtzen dutenak, eta komunitatea, etorkizun.

Ostegun batez heldu ginen Bartzelonara. Aldez aurreko bilera eta elkarketetarako eguna zen: lehendik egindako harremanen emaitza, gaztetasunaren eta finantza etikoen mundu txiki honetan topatu izanarena. Egunean jartzeko beste denbora, datozen proiektuei buruz hitz egiteko, hurbileko zeruertzei buruz mintzatzeko eta Ekonomia Sozialeko gazteria aktibo horren berariazko beste kontu batzuei buruz hitz egiteko. Bartzelonako eguzkia beso zabalik genuen zain, zera balio bezala: zatozte ni ezagutzera; hiri honetan hamaika gauza gertatzen dira.

Ostiral arratsalde hartan bertan jo genuen Montbaura, asteburu hain bizi horretan izango genuen Martí Codolar Egoitzara. Topaketaren asmoa Banca Etikoko italiar eta espainiar gazteria biltzea zen: GenÉtica eta Gazteak x Fiare, hurrenez hurren; eta bankuak finantzatutako etxebizitzari buruzko proiektuak bisitatzea. Artean ez genekien proiektu horiek halako errealitate eraldatzaile, egiaztagarri eta irmorik erakutsiko zigutenik.

Zenbait minutu berandutu ginen, eta bertan genituen Albert eta Aleksei harrera egiteko, beste aurpegi ezagun batzuekin batera. Instalazioetan zehar ibili ginen, harik eta gainerakoekin gela handi batean topo egin genuen arte. Gelara sartu, eta hara hor; Espainia osoko hamabost gazte inguru, eta Italia osoko beste hamabost; giroa, aspalditik elkar ezagutuko bagenu bezalakoa. Ekitaldiari aurkezpen-txanda batek eman zion hasiera, eta hainbat arlotan adituak ziren profil gazteak marraztu zituen: jasangarritasunean, ekofeminismoan, artekaritza etikoetan, Interneten demokratizazioan, finantza etikoen Europako hedapenean, kulturan eta lurraldean, kooperatibismo integralean… Talde aski ikasia zen Ekonomia Sozialean, Finantza Etikoetan eta jiteko gaietan; taldeari itxaropen handia zerion, bai anbizio moralean bai horrek aldean dakarren guztian.

Itzulingururik gabe heldu genion topaketaren gaiari: Europako, Espainiako eta Italiako etxebizitza-krisiari. Dinamika parte-hartzaileek agerian utzi zuten bertaratutako pertsona guztiek uste zutela egoera prekarioa zela. Alokairuak garestiak ziren —herena zegokion soldatatik, eta baxua izan ohi zen hori ere—, espazioak txiki eta jendetsuak ziren; etxebizitzak, berriz, aurreko mendekoak ziren askotan. Errealitatearen lagin txiki horrek etxebizitzaren egoerari buruzko ikuspegi orokorra finkatu zuen, eta topaketaren tonu kritikoa markatu. Horrek aukera eman zigun bizitoki-egoera hain prekario horren arrazoiak zalantzan jartzeko, eta, batez ere, alternatibak bilatzeko. Afariaren eta Paco Tabernako kañen ondoren, goizo itzulera, hurrengo eguneko bisitei so.

Larunbata: kafea eta berehala, gazte-talde bakoitzaren ekimenak ezagutzera. Batetik, Gazteak x Fiare genuen: bidaia Ekuadorrera , Banku Etikoen eta Alternatiboen Europako Federazioaren (FEBEA) biltzarra, hitzaldiak unibertsitateetan eta beste zenbait gunetan, tailerrak, Madrilgo Aktibismo Ekonomikoko Eskola… Bestetik, GenÉtica: gazteria nazionalen topaketak, udako eskolak eta finantza etikoak, manifestu bat eta etortzeke dauden hainbat gauza. Jarraian, Llogateres de Catalunya Sindikatuak etxebizitzaren krisiari buruzko hitzaurre bat eman zigun, maila nazional eta lokalean: ibilbide bat beren eragin politikoan zehar, eta maizter diren pertsonen eskubideen aldeko etorkizun eraldatzaile bat.

Atsedenaldi labur baten ondoren, bi taldeen sinergiak, erronkak eta asmoak aztertzera itzuli ginen: lortutakoa eta eraiki nahi duguna berrikusi genuen, eta saio kolektibotik eduki zehatza atera, gure hurrengo urratsak bideratzeko.

Aski itzartuta eta inspiratuta, Bartzelonan zehar ibili ginen, banka etikoak eta haren finantzaketa konprometituak ahalbidetutako errealitate erradikal horretan ibilbideari ekiteko. Lehen geldialdia Rosario Endrinalen egin genuen, Assís Fundazioaren zentroan. Etxegabetasun-egoeran dauden pertsonei laguntzen dien eguneko zentro bat da. Espazio multidimentsional horrek sekzioarteko metodologia bat darabil, kalean dauden pertsonei gizarte-laguntza, laneratzea, osasun-laguntza, prestakuntza, aisia eta etxebizitza eskuratzeko aukera emateko. Diziplinarteko lantalde tekniko batekin, zentroak 2000 pertsonatik gora artatu ditu ireki zenetik, eta jarraipen pertsonalizatua eskaini du, integrazioan, autoestimuan eta soziabilitatean oinarrituta.

Etxebizitza zer den gogoan izanda, gure hurrengo geraldia egin genuen: Cirerers eraikinean, Sostre Cívic erakundearen etxebizitza-kooperatibatako batean. Bartzelonako Roquetes auzoan dagoen zortzi solairuko eraikin horrek hogeita hamabi etxebizitza, hainbat gune komunitario eta autogestionatutako ekonomatua ditu. Apartamentuak ez dira merkaturatzen: kooperatibako bazkideei erabiltzeko lagatzen zaizkie, hasierako ekarpen itzulgarri baten eta hileko kuota baten truke. Horrela, bizikidetza-proiektu hori  erresistentzia-zutabe bat da etxebizitza eredu espekulatiboen aurrean.

Bisitak sakonki bizkortu gintuen, giroan etorkizunaren zantzuak hautemanaz: komunitatean bizitzearen egiazkotasunean iltzatzen zuen begirada kolektiboa, bai eta etxebizitza duina izatea eskubidetzat daukaten egituratan ere.

Egunaren nekea hauteman zitekeen arren, artean geratzen zen azken proiektuak ez zuen egunaren kutsu eraldatzailea indartu besterik egin: Top Manta arropa-marka sozial eta solidarioak. Migratutako saltzaile ibiltariek sortutakoa marka da, Saltzaile Ibiltarien Herri Sindikatuko kideek, eta kolektibo horren bizi‑baldintzak hobetu eta gizarte‑integrazioa sustatu nahi ditu. Top Mantak arropa erreibindikatzailea ekoizten du, eta horrela, egiturazko arrazakeria eta populazio migratzailearen aurkako bidegabekeria sistematikoak salatzen. Gainera, kontratazioak bideratzen ditu, saltzaile ibiltariak erregularizatzen eta gizartean eta ekonomian txertatzen laguntzeko. Bisitak harri eta zur utzi gintuen, egunak nahikoa harritu ez bagintu bezala.

Azken proiektu horrekin osatu berri dugu finantza etikoek eskaintzen diguten errealitate eraldatzailearen ikuspegia. Inoiz baino motibazio eta erabakitasun handiagoz amaitu genuen, elkarri behin eta berriro berretsiz beste errealitate bat posible dela, eta, egia bihurtzekotan, horrela bihurtzen dela egia.