Administrazio publikoekin lankidetzan
Banca Etica aurrezki-soberakinak bideratzeko sortu zen, hain zuzen ere, gizarte inklusiboago baten alde lan egiten duten eta une jakin batzuetan finantza-babesa behar duten erakundeetara bideratzeko. Zeregin hori gauzatzeko, hainbat lurraldetan lan egiten du, hango gizarte-ekonomiako sareekin lankidetzan.
Gaur egun, Banca Eticako bazkideak daude Italiako 9 eskualdetan, 40 probintziatan eta 330 herritan, eta Espainiako autonomia-erkidego guztietan.
Italian eskarmentu handia daukagu finantzaketa jasotzen duten eta kooperatibako bazkide diren tokiko administrazioekin. Horietako batzuk gure bankuan dituzte beren kontuak. Une honetan lan-ildo horiek garatzen ari gara Espainian.
Lankidetzarako aukerak
Tokiko administrazioek aukera hauek dituzte gurekin lankidetzan aritzeko:
- Kooperatibako bazkide izatea, kapital soziala erosita.
- Aurrezki-gordailu bat irekitzea.
- Funts espezifiko bat kudeatzea (esaterako, hainbat arlotako diru-laguntzen aurrerakinentzat).
- Proiektu zehatzetarako finantzaketa eskatzea, edo sozietate publikoetarako edota udalerrietako elkarteen partaidetza daukaten sozietateetarako.
Lankidetzak esanguratsuak izan daitezke jarduera-esparru hauetan:
Ekonomia sozial eta solidarioa
Banca Eticak beren lurraldean bertan ekonomia sozial eta solidarioaren garapenaren alde lan egiteko interesa duten tokiko erakundeak babesten ditu, bai Italian bai Espainian. Ildo horretan, honako helburu hauek ditu:
- Kreditua eskura dezatela ahalbidetzea.
- Enpresa sozialak eratzeko eta martxan jartzeko babesa ematea.
- Emandako zerbitzuen kalitatea hobetzeko proiektuak sustatzea.
- Kooperatiba sozialen partzuergoak eratzeko baldintzak hobetzea.
Etxebizitza izateko eskubidea eta etxebizitza soziala
Etxebizitza izateko eskubidea oinarrizkoa da bidezkoa izan nahi duen gizarte batean. Etxebizitza sozialaren helburua da pertsona guztiek ostatua edukitzeko aukerak areagotzea, honako ekintza hauen bidez:
- Babesa ematea etxebizitza lortzeko zailtasunak dituzten pertsonei laguntza emateko eta zailtasun horiek prebenitzeko zerbitzuak ematen dituzten kooperatiba sozialei.
- Lehen etxebizitza eskuratzeko aukera ematea, tresna hauek erabiliz: eraikuntza-praktiken hedapena (esaterako, autoeraikuntza) edo etxebizitzaren erabilera ez-espekulatiborako kooperatibak.
Ingurumena
Banca Eticak energia aurreztea eta ingurumena babestea sustatu nahi duten administrazio publikoekin lan egiten du. Esku hartzen du helburu jakin batzuk dituzten proiektuak sustatzeko berme-funtsak edo errotazio-funtsak eratzeko bitartekoen kudeaketan. Helburu horiek dira, besteak beste: energia-eraginkortasunerako soluzio teknologikoak ezagutaraztea, energia-iturri berriztagarriak erabiltzea eta/edo eraikinak birgaitu daitezela sustatzea (energia-kontsumo txikiagoa edukitzeko).