2025eko maiatzaren 26a _ Banca Eticaren Administrazio Kontseiluak 2024ko balantzea onartu du, bazkideek asteburu honetako akziodunen batzarrean bozkatuta.
Aurreko ekitaldia 16,1 milioi euroko mozkin bateratuarekin itxi zen Banca Etica Taldearentzat. Datu hori interes-tasen igoerarekin lotutako 2023ko ohiz kanpoko errekorra baino txikiagoa izan da, baina 2022ko mozkinen ildotik doa. Zehazki, sozietate nagusiak 12,1 milioi euroko mozkinak izan zituen (horietatik 3,7 milioi Fiare arloak); aktiboak kudeatzeko Etica Sgr sozietateak, 7,5 milioi eurokoak; eta Cresud sozietateak (Munduko hegoaldean mikrofinantzetan espezializatutako taldeko sozietateak), 48.000 eurokoak.
Kapitalaren sendotasuna: ikuskapen-adierazleak maximo historikoetan. Fondo propioak 196,4 milioi eurokoak dira: igoera +%9,5ekoa izan da 2023ko abenduko datuekin alderatuta. Kide eta erakunde zaharrek eta berriek kapital sozial gehigarria harpidetzeak eragin du igoera, bai eta ekitaldiko mozkinek ere. Mozkin horiek osorik kapitalizatu ziren, Finantza Etikoak Fundazioari dohaintza gisa esleitutako zatia izan ezik (300.000 euro). Horrela, Banca Eticaren CET1 eta guztizko kapitalaren ratioaren balioak %21,0 eta %25,3 izan dira, hurrenez hurren (%19,9 eta %24,2, 2023aren amaieran). Sendotasuna puntu historiko gorenean dago.
Bolumenaren bilakaera ere oso ona izan zen:
- Gizarte-ekonomiarako kreditua gora egiten ari da: Banca Eticaren mailegu gordinak 1.270 milioi eurora iritsi ziren 2024ko abenduan; hots, %4,4 igo ziren aurreko urtearekin alderatuta. Kredituak emateko Banca Eticaren joera handiagoa da banku-sistemaren batezbestekoarekin alderatuta, eta hori agerian gelditzen da epe luzeko datuetan: 2020tik 2024ra bitarteko bost urteetan, Banca Eticaren kreditua +%15,7 hazi zen. Hirugarren sektoreak modu egonkorrean jasotzen du Banca Eticak pertsona juridikoei emandako maileguen %40 inguruko kuota.
- Kredituak ordaintzeko joera ona 2025eko lehen hiruhilekoko zifrek ere berretsi dute, igoera nabarmena izan baita erabilitako kredituan: 24 milioi euroko igoera (+%1,9, 2024aren amaierarekin alderatuta). Datozen lau urteetarako Banca Eticaren plan estrategikoak kredituarekiko konpromisoa are gehiago sendotzea aurreikusten du, aldi horretan %35eko hazkundea lortzeko helburuarekin.
- Aurrezkien bidez zuzenean bildutakoa banku-sistemaren erritmoaren ia bikoitzean hazi zen: bezeroen zuzeneko bilketa 2.609 milioi eurora iritsi zen 2024aren amaieran (+%4,6, 2023ko abenduarekin alderatuta).
Balantzeak alderdi hauek ere erakusten ditu:
- Etica Sgr sozietateak fondoen bidez zeharka bildutakoak urte arteko +%5,6ko igoera izan du, merkatu-efektuaren ondorioz, batez ere. Igarotako 5 urteetan, hazkunde globala +%27,5ekoa izan da.
- 2024aren amaieran, kapital soziala 95,4 milioi eurokoa zen, +%3,5 2023ko abenduarekin alderatuta. 2024an, bazkide-kopuruak 790eko igoera izan zuen.
- 2024aren amaieran, mailegu berankor garbiak 6,4 milioi eurokoak ziren; hau da, bezeroei emandako maileguen %0,52. Narriatutako mailegu gordinen balioa 72,6 milioi eurokoa zen, eta hori %5,6ko berankortasun-tasa bati dagokio, sistemaren tasa baino tasa handiago bati, besteak beste, Banca Eticak narriatutako maileguen besterentzea minimora mugatzen duelako, bezeroekiko harremana ahalik eta gehien zaintzeko, baita garai zailetan ere.
Zifrek erakusten dute, halaber, bankuak bezeroei emandako zerbitzuak gero eta gehiago erabiltzen direla, eta hori komisio garbien guztizkoaren hazkundean ikusten da: komisio handiagoak, nahiz eta gastu-partida berririk ez sartu eta daudenak ez igo, eta nahiz eta tasen igoeraren ondorioz arazoak dituzten erakundeei komisioetan deskontuak eskaini. 2024an, komisio garbiak, orokorrean, milioi-erdi euro igo ziren, gutxi gorabehera (+%2,5), Etica Sgr sozietatearen fondoen komisioak (+%7,8) eta aseguru etikoen produktuen komisioak (+%63) igo zirelako, gehienbat.
Banca Eticak bere eginkizunarekin jarraitu zuen, egoera ahulean daudenei arreta berezia eskainiz: tasa aldakorreko hipotekak zituzten mailegu-hartzaileei laguntzeko neurriak berretsi ziren (800 familia ingururentzat izan zen onuragarria), eta arazoak zituzten erakundeen kuotak 900.000 euro inguru murriztu ziren.
Fiare Banca Etica
Fiarek ahaleginak finantzaketa emateko jardueran biltzen jarraitu du, beste edozeren gainetik, gizartean duen eragina areagotzeko helburuarekin. Bezeroei emandako kredituak 125,6 milioi eurokoak izan dira: hazkundea %17koa izan da aurreko ekitaldiarekiko. Eta bezero-kopurua, berriz, %7 igo da.
“2024. urtearen amaieran baieztatu egin zen Banca Eticak eta Taldeak osasun bikaina dutela (kapitalaren inoizko ratiorik onenak) eta adierazle guztietan etengabe hazten ari direla. Taldea funtsezkoa eta estrategikoa den aktibo batean ere hazi da: langileei buruz ari gara. Taldeak, orain, 500 langile baino gehiago ditu. Eskerrak eman nahi dizkiet Banca Etica Taldea aukeratu duten kolaboratzaile, bazkide eta bezero guztiei, modu zehatzean erakutsi ahal izan dutelako, gertakariekin eta zifrekin, bere balioekiko harmonian eta leialtasunez etengabe hazteko gai den gizarte-enpresako proiektu baten balioa. Gure lana etengabe eta balioztatuta aitortzen da gauzatzen ditugun proiektuetan; adibidez, Caritasekin eta CEIrekin lankidetzan egindako mikrokredituen proiektu bat, eta Europako Inbertsio Bankuarekin garatutako ekimenak, emakumeen enpresak, immigranteen harrera eta gizarte-enpresak eremu ahuletan finantzatzeko. Balantzearen zifra positiboez gain, orain ere gogobetetasun handia dute Bankuaren eta Etica Sgr sozietatearen bezeroek. Urte batzuk daramatzagu hori kontrolatzen, eta, horri esker, aurten lehen aldiz sartu ahal izan da bankua Forbesek egindako munduko bankurik onenen sailkapenean, eta, gainera, ESG aktiboen kudeatzailerik onenetako bat gisa aitortua izan da Alemaniako Kalitate eta Finantza Institutuaren azterketaren arabera”, adierazi du Nazzareno Gabriellik, Banca Eticaren Zuzendari Nagusiak.

Komunitateak eraldatzen dituen energia
22.04.2025

2025-2028ko Plan Estrategikoa, eragin handiagoko finantza etikoak lortzeko
17.03.2025

Arrakala eta desberdintasuna: emakumeen presentzia enpresa-munduan
08.03.2025

App berria: Aurrerapauso bat Banka Mugikorrean
17.02.2025

Finantza etikoak, itxaropen izpi bat.
29.01.2025

2024ko balantzea eginez: Hamarkada bateko inpaktua Espainian
17.01.2025