Finantzak ez dira neutralak gatazka armatuetan. Gaur egun, inoiz baino gehiago, oso garrantzitsua da gure aurrezkiak non sartzen ditugun, horrek zuzeneko eragina baitu okerrera doan gerra-giroko testuinguru global honetan. Sakoneko kezka horrekin, Fiare Banca Eticak “Bakearen aldeko Finantzak” topaketa bultzatu du Bloc 4 espazioan. Hain zuzen ere, finantza-sistemak gatazka armatuetan duen erantzukizuna mahai gainean jartzeko eta ekonomia sozial eta solidarioaren bidez egun jada badiren benetako alternatibei ikusgarritasuna emateko espazioa da hori.
Laia Altarriba kazetariak, Crític hedabidekoak, moderatu zuen saioa, eta kazetaritza independenteak gatazka horiek ulertzeko duen rolari buruzko begirada eskaini zuen. Saturatuta eta zatikatuta dagoen informazio-ekosistema honetan, Crític hedabidea eta hori bezalako beste batzuk giltzarri dira, behar bezala azaltzen baitituzte testuinguruak, gerraren arrazoi politikoak nahiz gerra sostengatzen duten egitura ekonomikoak ulertu ahal izateko.
Topaketan zehar, ezintasuna ekintza kolektibo bihurtu beharra dagoela aldarrikatu zuen Ada Colauk, gogoraraziz gizadiak bere burua entzunarazteko duen gaitasunean datzala beraren indarra. Horren adibide gisa, Flotilla eta Alemaniako nahiz Italiako greba jendetsuak aipatu zituen, “elur-bolaren” efektua sortu baitzuten, bai eta kontsigna partekatu bat ere: “Ez gure izenean”. Mezu hori bat dator Banca Etica Taldearen posizionamenduarekin; izan ere, Banca Eticak tinko adierazten du Europa berrarmatzearen aurka dagoela, eta defendatzen du segurtasuna ez dela armak metatuz eraikitzen, justizia sozialaren eta lankidetzaren bidez baizik.
Konpromisoa izatetik eragina izatera: Banca Etica Taldearen ekintza
Cresud-eko Tai Bonatok azaldu zuen Banca Etica Taldeak nola gauzatzen duen konpromiso hori, sorreratik bertatik Palestinan egiten duen lanaren bidez. 2007tik, Acad-en bidez landa- eta nekazaritza-eremuetako mikrofinantzak indartzean oinarritu da laguntza, eta hori oso baliagarria izan da tokiko biztanleen autonomia ekonomikoa eta erresistentzia-gaitasuna bultzatzeko.
Konpromiso hori zuzeneko eraginari buruzko zifretan ere islatzen da: 100.000 euro bildu dira Mugarik Gabeko Medikuentzat —emaileek eta Etica Sgr-ek erdi bana finantzatuta—, 33.000 euro banatu dira mikroenpresarien artean, eta 40.000 euro baino gehiago bildu dira azken crowdfunding-ean, neguan Palestinako haurren oinarrizko beharrak asetzeko.
Nork finantzatzen du gerra?
Amaitzeko, Centre Delàs-eko Jordi Calvok irakurketa teknikoa eta kritikoa egin zuen erronkaren irismena dimentsionatzeko. Izan ere, azken urteotan Israelek armetan egindako inbertsioari buruz ikertu du, eta ikerketa horiek errealitate deserosoa erakusten dute: gerra-makineria horren zati handi bat Espainiako bankuek finantzatua da.
Analisi horrek jardunaldiaren ideia nagusietako bat indartzen du: gure aurrezkien erabilera ez da neutrala. Finantza-sistemak arma-industriarekin lotuta egoteari utzi behar dio, hori funtsezko baldintza baita bizitza eta giza eskubideak erdigunean jarriko dituzten ereduetarantz aurrera egiteko.
Finantzek bakearen eraikuntzan duten zeregina
03.02.2026
Banka etikoa etxe bihurtzean: ibilbidea Bartzelonan, jada arauak aldatuz doan hirian
22.01.2026
Bakearen aldeko Finantzak”
14.01.2026
La Imprenta: mundua eraldatzeko kultura
11.12.2025
FEBEA 2025en urteko topaketa Thunen: bi egun mendien eta gogoeten
01.12.2025
Fiare Emakume Taldearen lehen topaketa presentziala
27.11.2025