TESTUAREN TAMAINA
KONTRASTE HANDIA (ARGIA)
KONTRASTE HANDIA (ILUNA)
ERABILI DAITEZKEEN LETRA-MOTAK

Etika eta kooperatiba

Parte-hartzea eta gobernantza

Kooperatibismoaren balioek bankuaren jarduera osoa zeharkatzen dute

Kooperatibismoaren balioek bankuaren jarduera osoa zeharkatzen dute

Kooperatibismoaren balioek bankuaren jarduera osoa zeharkatzen dute

Albert Gasch Fiare Banca Eticako Kidetza Harremanen arduradunari elkarrizketa

Zerk bereizten du Fiare Banca Eticaren moduko banku koopetaribo bat ohiko bankuetatik?

Lehenengo bereizgarria da Fiare Banca Eticaren moduko banku batek bere jarduera guztia jartzen duela justiziaren eta ekitatearen alde. Azken batean, eraldaketa sozialaren alde ari gara, eta helburu horiek lortzeko tresna da etekina. Banku tradizional baten lehentasuna, edozein helbururen gainetik, irabazi ekonomikoak dira.

Fiare Banca Eticaren moduko banku bat herritarrengandik, ekonomia sozialeko eta solidarioko erakundeetatik eta hirugarren sektoreko erakundeetatik abiatuta eraikitzen da, eta gobernantza zabal eta kooperatiboa du. Banku tradizionalak finantza-oligarkietatik edo beste botere-gune batzuetatik abiatuta eraikitzen dira eta, normalean, oso gutxik gobernatuta eta gutxi horien intereserako aritzen dira.

Fiare bezalako banku bat gardena da, eta kontuak ematen ditu bazkideen eta gizartearen aurrean. Banku tradizionalak opakuak dira: ez dute aukerarik ematen beren jardueraren alderdi asko ezagutzeko.

Zein da bazkideen zeregina Fiare Banca Eticaren barruan?

Bazkideek funtsezko zeregina dute Fiare Banca Etican. Bankuaren bizitzan parte hartzen dute hainbat espaziotan eta prozesutan. Adibidez, kreditu bat emateko unean, kreditua eskatzen duen erakundea aztertzen dute ikuspuntu sozialetik, baita ingurumenaren alorretik ere.

Fiare Banca Eticaren eredua egitura profesional baten eta egitura sozial baten arteko harremana da, eta harreman horren bidez gauzatzen da kudeaketa parte-hartzailearen eta demokratikoaren ideia.

Zein dira pertsonak kide izatera bultzatzen dituzten arrazoi nagusiak?

Ideia nagusia da alor ekonomikotik, eta kasu honetan banketxearen bitartez, ahalmen izugarria dagoela gizartean eragiteko eta gizarte hobeak eraikitzeko. Fiare Banca Eticarekin kidetzen direnek badakite zer-nolako gizartea egiten lagunduko duten beren aurrezkiek. Pertsonen eskubideak eta planetaren zaintza lehentasuntzat hartuko dituen gizarteari lagunduko diote.

Kooperatibismoaren zer balio dira transbertsalak bankuaren jarduera osoan?

Kooperatibismoaren balioek bankuaren jarduera osoa zeharkatzen dute.

Bazkide bakoitza boto bat den unetik eta bazkideen kapitalak eskubide hori baldintzatzen ez duen unetik betetzen da transbertsalitatea. Ezaugarri horri esker, Fiareren oinarri sozialak aukeratzen ditu gizarte- eta gobernu-organo nagusiak, hala nola Administrazio Kontseilua. Zuzenean eta demokratikoki aukeratzen ditu.

Bestalde, bazkideak Balio Eramaileen bidez antolatzen dira. Balio Eramaileak subjektu politikoak eta aitortuak dira bankuaren barruan, eta gobernantza-kontuetan eta kanpora begira esku hartzen dute, banketxeari garatzen eta sendotzen lagunduz.

Kooperatibismoaren balioak funtsezkoak dira egitura profesionalean ere. Langileen lidergo kooperatiboa sustatzen dugu, eta giro horretan Arduradunak lantaldeei entzuten die eta haien “eragina” jasotzen du.

Zein dira finantza-erakunde bat eredu kooperatibo baten arabera kudeatzeko erronka nagusiak?

Eredu kooperatiboak onurak ekartzen dizkio edozein erakunderi. Bazkideen antolaketaren ikuspegitik, Fiareren erronka da bazkideen ekarpenen balio osoa biltzea eta gobernantza hobetzera bideratzea, baita ekarpen hori gure jarduera sozialki kontrolatzeko erabiltzea ere. Langileen ikuspegitik, kudeaketa kooperatiboak pertsonen talentua gehiago aprobetxatzea dakar. Adimen kolektibo bat bultzatzen ari gara, pertsonen batura indibidual hutsak baino emaitza gehiago eta hobeak sortuko dituena.

Bestalde, gure kudeaketa kooperatiboak hazkunde eta gobernantza zabala sustatzen ditu. Kapital-ekarpen asko daude hazkunde horren atzean, gehienak kopuru txikiak. Kapital horrek ez du dibidendurik banatzen, eta hori, bezeroak erakartzeko zailtasunagatik, oztopo izan daiteke erakundea azkar hazteko. Hala ere, zailtasun hori gainditu egiten da hazkunde horren sendotasunagatik, erakundean sortzen den autonomiagatik, pertsonak eta erakundeak batzeko gaitasunagatik eta legitimitate etikoagatik, guztion bankua baita.

Zein dira pertsonak eta erakundeak kide izatera erakartzeko estrategiak?

Fiare Banca Eticaren ohiko partaidetza-bideak, gure kulturaren parte direnak, uztartu egin behar dira beste partaidetza-bide batzuekin. Hain zuzen ere, bigarren partaidetza-zirkuluak –hain militanteak edo bankutik hurbil ez dauden pertsonak edo erakundeak– erakartzeko gai diren bideekin.

Hori lortzeko behar-beharrezkoak dira zenbait estrategia; adibidez, parte hartzeko gune atseginak sortzea eta gune horietan sartzeko eta irteteko erraztasunak ematea. Bestalde, partaidetza malguagoa sustatu behar da, dela aldi baterako, dela proiektuka. Beste estrategia bat da garai berrietara egokitutako parte-hartzea bultzatzea. Parte hartzeko kanalen pluraltasuna hartu behar dugu kontuan, baita parte hartzen duten taldeen interesak ere. Esaterako, 35 urtetik beherakoak, dimentsio desberdineko pertsona juridikoak edo emakumeen parte-hartzea –GITetan (Lurralde Ekimeneko Taldeak) duten presentzia da Plan Estrategiko berriaren helburuetako bat–.

Partaidetzak oreka mantendu behar du bankuari interesatzen zaionaren eta parte hartzen duenari interesatzen zaionaren artean, eta oreka hori ez da beti lortu.