TESTUAREN TAMAINA
KONTRASTE HANDIA (ARGIA)
KONTRASTE HANDIA (ILUNA)
ERABILI DAITEZKEEN LETRA-MOTAK
Eragin positiboa duten istorioak

Jakin ezazu zure diruak zer finantzatzen duen

40 urte bideak irekitzen: Peñascal Kooperatibaren konpromisoa atzean inor ez uzteko

40 urte bideak irekitzen: Peñascal Kooperatibaren konpromisoa atzean inor ez uzteko

40 urte bideak irekitzen: Peñascal Kooperatibaren konpromisoa atzean inor ez uzteko

Leku batzuetan, ez dira aukeren zain gelditzen; eraiki egiten dira. Askotan azkarregi dabilen eta laguntza gehien behar dutenak bazterrean uzten dituen mundu honetan, Peñascal Kooperatibak lau hamarkada daramatza erakusten pertsona baten etorkizuna ez duela haren iraganak baldintzatzen, baizik eta une honetan jasotzen ari den laguntza dela gakoa. Fiare Banka Etikoaren finantziazioak sustatuta, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko kooperatiba honek urtero 4.000 pertsona ingururen bizitza eraldatzen du, eta, hala, duintasun- eta itxaropen-itsasargi bihurtu da Bizkaian.

Prestakuntza-defizitak zituzten komunitateko gazteei erantzuna emanez hasi zen duela 40 urte, eta lurraldeko errealitateekin batera bilakatuz joan da. Gaur egun, erakundeak oso askotariko profilei ematen die arreta, bertako gazteei nahiz ziurgabetasunez betetako ibilbideen ondoren iristen diren pertsona migratzaileei. Proiektuaren bihotzak, ordea, berbera izaten jarraitzen du: atzean inor ez uztea.

Funtsezkoa dena zaintzea: etorkizuna eraikitzeko babesleku bat 

Ezin da lanbide bat ikasi sabel hutsarekin, eta, era berean, ezin da etorkizunarekin amets egin gaur gauean non lo egingo dugun jakin gabe. Jakinik prestakuntzak ez duela zentzurik oinarrizko beharrak ase gabe badaude, gizartean esku hartzeko sare bat finkatu du Peñascalek, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen eguneroko bizitza aintzat hartzen duena.

Bakarrik iritsi diren gazteentzat 24 orduko arreta ematen duten egoitzak ditu, baita tutoretzapeko pisuak ere, hezitzaileekin, autonomia eta bizikidetza sustatuz, eta, gauzak horrela, Peñascalek ez du aterpe soil bat eskaintzen: lagunduta egoteko segurtasuna eskaintzen du. Bizitegi-krisiko testuinguru batean, gizarte-hezitzaileen talde hori eguneroko lubaki bihurtzen da, eta mantenua, dokumentu-tramitazioa eta beharrezko babesa kudeatzen ditu, neska-mutil guztiak eskubide osoko pertsona senti daitezen berriz.

Bizitzak eraldatzen dituzten lanbideak 

Kooperatibaren ardatz eraldatzailea hezkuntza ulertzeko duen modu iraultzailean datza. Peñascalen, ikasgela tradizionaleko frustrazioarekin hausten da —arbela, liburua eta azterketa abstraktua dituenarekin—, eta bide ematen zaio tailerreko sormenari.

14 urtetik aurrera, ikasgela osagarriko programen eta lanbide-heziketa egokituaren bidez, gazteak eginez jabetzen dira beren gaitasunez. Aurkikuntzaren pedagogia da, eta lan-eskaera handia duten hainbat sektore tradizional barne hartzen ditu ikaskuntzak. Ikasleak ostalaritzaren eta elikaduraren munduan murgiltzen dira sukaldaritza, gozogintza edo urdaitegiko lana ikasiz; klimatizazioan eta elektrizitatean gaitzen dira iturgintza, aire girotua edo elektronika landuz; edo zurarekin lan egiten dute altzariak eta egiturak sortuz. Era berean, ehungintzako eta merkataritzako gaitasunak garatzen dituzte sektoreko dinamika berrietara egokituta, eta metaleko eta mekanizazioko funtsezko trebetasunak eskuratzen dituzte soldatzearen eta galdaragintzaren bidez. Horrez gain, prestakuntza-apustu berritzaileak egin dira informatikan eta programazioan. 

Tailerrean sartzean, etsipena harrotasun bihurtzen da. Norberaren lanaren emaitza ikusteak gaitasun teknikoak ematen ditu profesionalak falta dituen lan-merkatu batean, baina ez hori bakarrik, autoestimua ere berreraikitzen baitu. Ibilbide pertsonalizatuek behar den denboran laguntzen diote pertsona bakoitzari —Enplegurako Prestakuntza, Oinarrizko Mailak, Erdi Mailak, Goi Mailak eta enpresetako praktikak barne—, eta, horrenbestez, enplegu egonkor eta integratzaile bateranzko lorbide sendo bat sortzen da.

Etorkizuna eraikitzea: finantza etikoak gizarteratzeko motor gisa 

Giza eta gizarte-maila horretako proiektuak jasangarriagoak dira aliantzak badaude justiziaren eta elkartasunaren balio berberekin. Fiare Banka Etikoan uste dugu ekonomia ez dagoela zertan finantza-etekinetan soilik neurtu, baizik eta giza bizitzan zuzenean duen eragin positiboan ere neur daitekeela. Banku etikoko dirua zer da hemen? Tailer bateko tresnak, plater beroak, tutoretzapeko etxebizitza bateko giltzak eta sinatutako lan-kontratuak dira.

Santi Membibrek, Kooperatibako Zuzendaritza Taldeko kideak, lan horren hurbiltasuna eta eskakizuna islatzen ditu bere hitzetan. 40 urteren ondoren, Peñascal Kooperatiba ez da gizarte-erakunde bat soilik; aukeren eta ateak beti zabalik dituen sare bizi bat da. Eta, bertan, egunero egiaztatzen da afektua, aterpea, lanbide bat eta duintasuna eskaintzen badira, pertsonak aurrera ateratzen direla, baina, are gehiago, beren bizitza eraldatzen dutela eta guztiontzat bidezkoagoa den gizarte bat eraikitzen dutela.