Propaganda pel Fet! ez zen jaio industriako beste bat izateko, industria ezbaian jartzeko baizik. Kataluniako diskoetxe independente hori zuzeneko emanaldiak kontratatzeko bulegoa da, jabetza intelektualaren eskubideen kudeaketan ere aritzen da, eta hamarkada asko daramatza apustu egiten, logika komertzialari erantzuten ez dioten eta algoritmoaren arrakasta iragankorra bilatzen ez duten proiektuen alde. Helburu bat eta bera izan du eti: kultura zentzuz, nortasunez eta diskurtso propioz egitea. Eta hori guztia egitea artistekin eskuz esku, elkarri lagunduz, musikaren industrian arrotza izaten den gardentasuna erabiliz.
Ibilbide bat kultura independentearen barruan
Berehalako arrakasta biralak lehenesteko joera duen musika-merkatu batean, Propaganda pel Fet! ekimenaren ezaugarria bere ibilbidea da, iraunkortasunean eta proiektua luzera begira eraikitzeko borondatean oinarritua, zorroztasunez, xehetasunei erreparatuz eta koherentzia kulturalaz egina. Haren ibilbidea, dagoeneko orain 30 urte direla hasitakoa, ez da neurtzen ospe digitalaren adierazleetan (halakoak ere baditu, ordea!); haren tamainaren adierazgarria da berak ehundutako sarea, lurrari (globoaren luze-zabalean), hizkuntzari eta gizarte-mugimenduei atxikia, gardentasunez eta artistekin eskuz esku ibiliz, haiek erdigunean jarrita, eta kooperatibak metatutako know-how edo ezagutzak haien zerbitzura jarriz.
Ibilbide horretan bidelagun izan dituzten musika-proposamenek eurek ere, kultura ulertzen dute adierazpen kolektiborako tresna gisa, eraldaketa soziala sustatzeko, norbanakoen partikulartasunetik harago, imajinario partekatuak eraikitzeko espazio bat sortuz.
1996an sortu zenetik, zigiluak plataforma gisa jardun du, musika herrikoiaren eta izaera borrokalariaren erreferente bihurtu diren dozenaka talderentzat. Horietako zenbait aipagarri, Obrint Pas, Smoking Souls, Auxili, Marala, ZOO, Ovidi4, Pirat’s Sound Sistema, La Raíz, Dr. Calypso, La Carrau, Feliu Ventura, Maio, KOP, At Versaris, Ràbia Positiva eta beste asko.
Gaur egun, katalogoa zabaldu da, hainbat proiektu atxikirik, besteak beste, Lia Kali, Svetlana, Xavi Sarrià, Tribade, Elane, DJ Trapella, Boom Boom Fighters & Cookah P, Groggy Rude eta Llengua Morta.

Musika tresna sozial eta komunitario gisa
Egungo testuinguruan, plataformek eta gailu mugikorrek zeharkatutako hiperkonektibitatea dela nagusi, musika ez da entzungailuetan geratzen. Proiektu bat kontzertuak kontratatzeko arlo batekin egituratzeko premia konomikotik harago, Propaganda pel Fet! ekimenak zuzeneko musikaren alde egiten du apustu, musika rabatuaren ezinbesteko osagaia baita: musikak elkartzen gaitu eta komunitatea sortzeko aukera zabaltzen digu, agertokietan eta dantza-pistetan, musikaren eta beste gauza askoren inguruan.
Dena indibidualizatzeko joera nagusi den une honetan, honelako ekimenek gai kolektiboen aldeko apustua egiten jarraitzen dute, loturak sendotuz eta parte-hartze modu biziagoak sortuz.

Finantzaketa etikoak nola bultzatzen dituen ekimen horiek
Erronka ez da soilik proiektu horiei laguntzea eta merkatu zail baten logiketan txertatzea, baizik eta bideragarri egitea eta denboran zehar eustea, beren bizi-konstanteak ekonomia sozial eta solidarioaren independentzian eta balioetan ainguratuta mantenduz. Banku konbentzionalek ez dute inoiz apusturik egin kultura independentearen alde, horrelako ekimenak ez baitatoz bat berehalako errentagarritasun finantzarioan soilik oinarritutako logikarekin.
Horrek kanpoan uzten ditu balio kultural eta sozial kalkulaezina sortzen duten proiektuak. Horren aurrean, banku etikoak beste begirada bat ekartzen du, eta inpaktuak ere garrantzia du hor. Ikuspegi horri esker, Propaganda pel Fet! finantza-merkatuaren dinamiken mende egon gabe gara daiteke, eta kulturaren ekosistema joriagoa eta anitzagoa egiten du.
Kultura, komunitatea eta eraldaketa
Propaganda pel Fet! eraiki, komunitatea sortu eta masibotasunetik urrun dauden egikera biziak mantentzen dituen kultura baten parte da. Ekimen hori existitzen bada, helburu batekin hartutako erabaki ekonomikoen emaitza da, zer proiektuk jarraitu behar duten aurrera aukeratuz, errentagarritasun ekonomikotik harago. Izan ere, finantzatzeko modua aldatzen denean, kulturak espazioa eta ahotsa irabazten ditu.

Argazkiaren kredituak
- Irudiak: Propaganda Pel Fet! (2026)
Ekonomia lurraldetik eraikitzen denean
Bakearen aldeko Finantzak”
La Imprenta: mundua eraldatzeko kultura
FEBEA 2025en urteko topaketa Thunen: bi egun mendien eta gogoeten
Fiare Emakume Taldearen lehen topaketa presentziala