Kreditu politika
Gure kreditu-politikak zehazten du zein jarduketa-eremutan garatzen den gure kreditu-jarduera oro, gure Manifestu Politikoari jaramon eginez.
Politika honen ondoriozko emaitza diren erabakiek garrantzi handia dute koherentzia bermatzeko, eragiketa-jardueraren, estatutuen araberako misioaren eta gure kode etikoaren artean; eta aurrezleekin, bazkideekin eta bezeroekin dugun konfiantza-itunaren oinarria dira.
Ezin liteke zalantzan ipini, izan, badutela garrantzia prozeduren zuzentasunak eta argitasunak, arauei zor zaien begiruneak, zein zuhurki gestionatzeak; baina Fiare Banca Eticaren kreditu-prozesuak ezaugarri bereizgarria du, krediturako merezimendua ebaluatzeko gaitasun beregizkoa, proiektuen elementu ekonomikoei (analisi teknikoa) bezainbestean erreparatzen baitzaie ekonomikoak ez direnei (gizarte, ingurumen eta etika aldetiko sentsibilitatearen ebaluazioa).
“Nire diruarekin” atalean, Fiare Banca Eticaren Kreditu Politikaren koherentzia egiaztatu dezakezu.
Finantzatze arloak
Ondoko sektoreak dira finantzagarri:
- ongizate-sistema: osasun-gizarte zerbitzuak, etxebizitza sozialak, asistentziarako mikrokredituak;
- efizientzia energetikoa eta energia berriztagarriak: higiezinak isolatzea, kogenerazioa, eguzki-energia termikoa eta fotovoltaikoa, eolikoa, hidroelektrikoa;
- ingurumena: hondakinak kudeatzea, lehengaiak birziklatzea, ekoizpen ekobateragarriak;
- gertuko nekazaritza: produktu organikoak (ekologikoak) ekoitzi eta merkaturatzea; sustatzea merkaturatze-ibilbide laburrak, kontsumo-taldeak eta elikagai-burujabetza prozesuak;
- nazioarteko lankidetza: Kanpo Harrremanetarako eta Lankidetzarako Ministerioak edota estatuaz gaindiko erakundeek aitorturiko garapenerako lankidetza, mikrofinantzak, finantza etiko eta solidarioak;
- gizarte- eta kultura-sustapena: hezkuntza, kultura, kirola, gazte-lekuak, e.a.;
-
bidezko merkataritza; hemendik bertatik diharduten entitateak.
Etika Batzordeari dagokio arlo finantzagarriei buruz gerta litezkeen duda-mudak argitzea.
Finantzatu ezineko jarduerak
Giza garapenerako oztopo gertatzen diren jarduerarik finantzatzea baztertzen dugu; bereziki:
- armak ekoitzi eta merkaturatzea; ingurumenean eragin negatibo nabarmena duten jarduerak; erabili eta garatzea energia-iturri eta teknologia arriskutsuak (gizakiondako zein ingurumenerako);
- haurrak esplotatzea; giza eskubideak urratzea.
- animalia hazkuntza intentsiboa, egiaztatze ekologikorako estandarretako irizpideak urratuz.
- Populazio-gutxiengoak baztertzea
- Giza eskubideak errespetatzen ez dituzten edota ingurumena larri kaltetzeaz arduradun diren erregimenekin zuzeneko hartu-emanak izatea, hala jokatzen dutela agerikoa izanik;
- Zientzia arloko ikerkuntza-jarduerak, subjektu ahul edo tutorerik gabekoengan edota animaliengan esperimentatzen badute;
- Sexua merkantilizatzea;
- Zori-jokoak.
Finantzazio eskabideak ebaluatzea
Finantzabide eskarien ebaluaziorako, ezinbestekoa da bezeroa, haren proiektua eta zer-nolako premiak dituen ezagutzea. Finantzazio guztiak ebaluatzen ditu Fiare Banca Eticaren egitura operatiboak, mailegua itzultzeko gaitasun ekonomiko eta finantzarioari dagokionez.
Antolakundeei emaniko kredituen ingurumen- eta gizarte-aldetiko eragina aztertzeko, Lurralde Antolakuntzako (pertsona eta antolakunde bazkideez osatua) boluntarioek eratutako ebaluazio etiko-sozialerako batzorde batek egiten du analisia. Boluntarioak, hartara, erregistro batean daude; eta aisatzen dute bezeroen krediturako merezimendua adierazle ez-ekonomikoen aldetik ere aztertzea.