Kode Etikoa
Kode Etikoa Banca Etican inplikatutako pertsonekiko kontratu sozial bat da. Bankuaren jardueraren etika definitzen du, hainbat gauza zehaztuta: berdintasun eta justizia irizpideak, erreferentziako balioak, printzipio orokorrak eta bankuak interesdunekiko harremanetarako kontuan izan beharreko jarraibideak.
Estatutuan, Finantza Etikoen Adierazpenean eta Banca Eticaren Adierazpenean oinarrituta daude balioak. Argi eta zehatz identifikatzen eta adierazten dira, eta honela ulertzen ditugu:
- Pertsona ardatz hartzea: pertsonak funtsezko elementuak dira Banca Eticaren ekintzan; izan ere, Banca Eticak aitortu, errespetatu eta babestu egiten ditu pertsonak.
- Berdintasuna: aberastasunen eta baliabideen banaketa bidezkoan gauzatzen da.
- Erantzukizuna: ekintza ekonomikoen ondorio ez-ekonomikoei etengabe begiratzen zaie; hau da, finantzaketaren jarduerak gizartean eta ingurumenean izan ditzakeen ondorioei etengabe jartzen zaie arreta.
- Gardentasuna: horixe da Banca Eticaren eta interesdunen arteko harremanen eta komunikazioaren estiloaren ezaugarria.
- Lankidetza: ongizatea guztion konpromisoari esker bakarrik lor daitekeela sinesten dugu.
- Elkartasuna: egoera ahulean dauden pertsonen kezkak hautemateko gaitasuna dugu, eta behartsuenen mesedetan interes komuneko konponbideak aurkitzeko konpromisoa hartu dugu.
- Partaidetza: bazkide, kolaboratzaile eta aurreztaileei erabakiak hartzeko eskubidea aitortzen zaie.
- Soiltasuna: gure bizitzeko modua da, salgaien eta baliabideen kontsumoa murriztean eta pertsonen oinarrizko premiak asetzean oinarritua.
- Efizientzia eta efikazia: baliabideen erabilera optimoa egiten dugu, interesdun guztiei onurarik handiena eskaintzeko, adierazitako helburuak lortzeko orduan.
Kode Etikoa 2010ean onartu zuen Bazkideen Batzarrak, eta erreferentziazko araua bihurtu da administratzaileentzat, bankuaren izenean eta bankuaren kontura lan egiten duten guztientzat eta interesa duten pertsona guztientzat.
Kodearen aplikazioa egiaztatzeko, Zaintza Organismoa izeneko batzorde espezifikoa sortu zen.