BATZARREAN PARTE HARTZEA: ZER DIOTE ESTATUTUEK ETA BATZARRAREN ARAUDIAK? | Fiare Banca Etica

BATZARREAN PARTE HARTZEA: ZER DIOTE ESTATUTUEK ETA BATZARRAREN ARAUDIAK?

Estatutuak

26. artikulua. Batzarrean hitz egitea
Bazkideen Liburuan ageri diren eta gutxienez duela 90 egunetik bazkideak diren pertsona fisikoek eta juridikoek bakarrik izango dute eskubidea Batzarrean hitz egiteko eta botoa emateko. Bazkide bakoitzak boto bat emateko eskubidea du, dituen akzioen kopurua gorabehera. Bazkideek baino ezin ditzakete bazkideak ordezkatu, eta ordezkari hori ezingo da izan administratzailea, kontu-hartzailea edo enpresako langilea, ez eta kode zibileko 2372. artikuluan ageri diren kategorietako kidea ere. Horrez gain, eskuordetzea idatziz egin beharko da, eta enpresak gorde beharko du idatzi hori.

Legearen arabera egindako eskuordetzeak hala lehenengo deialdirako nola bigarrenerako balio du. Batzarrera bertaratzen den bazkide bakoitzak gehienez ere 10 bazkide ordezkatu ahal izango ditu, legezko ordezkapenen kasuan izan ezik. Batzarrera bertaratutako pertsona bakoitzak, hala norberaren ordezkari gisa nola beste erakunde baten ordezkari gisa, 10 (hamar) boto izan ahalko ditu gehienez ere, hala norberaren nola beste baten izenean, bere botoaz eta legezko ordezkaritzaren bitartez dagozkion botoez gain.

Batzarraren araudia

2. artikulua.- Batzarrera bertaratzea, bertan hitz egitea eta parte hartzea

2.1. Batzarrean parte hartzeko modalitateak eta baldintzak Administrazio Kontseiluak argitaratutako deialdian adierazita daude, eta bat datoz legeak eta estatutuek adierazitakoarekin.

2.2. Batzarrean hitz egin eta botoa eman ahalko dute estatutuetako 26. artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten bazkide guztiek.

2.3. Honako hauek hitz egin dezakete Batzarrean:
• Administratzaileek
• Sindikatu Kontseiluko kideek.
• Zuzendaritzako kideek.
• Balantzea ziurtatzeaz arduratu den kontu-ikuskaritza sozietateko ordezkariak.
• Taldeko sozietateetako administratzaileak, kontu-ikuskariak eta zuzendariak.
• Etika Batzordeko kideak.

• Arbitro Batzordeko / Baliabide Batzordeko kideak.

2.4. Horiez gain, hauek ere parte har dezakete batzarrean: taldeko enpresako edo enpresetako langileak, bazkide ez badira ere, eta Administrazio Kontseiluaren edo batzarburuaren iritziz parte hartu beharko luketen pertsonak, batzarrean landuko diren gaiak direla-eta edo eztabaidari ekarpena egin diezaioketela uste badute.

2.5. Profesionalak, aholkulariak, adituak, finantza-analistak, kazetariak eta bazkideak ez diren beste pertsona batzuk bertaratu egin daitezke, baina ezin izango dute hitz egin edo botorik eman. Dena den, Administrazio Kontseiluak edo batzarburuak beren-beregi eman beharko die horretarako baimena. Eztabaidak entzuteko baimena duten pertsonek Sozietatearen identifikazioa jasoko dute sarreran, eta Batzarrak iraun bitartean akreditazio hori agerian izan beharko dute.

2.6. Batzarburuak, eguneko aztergaien zerrenda jakinarazi aurretik, batzarkideei adieraziko die artikulu honetako 3., 4. eta 5. puntuan deskribatutako pertsonen bertaratze- eta partaidetza-baldintzak zein diren.

3. artikulua.- Ordezkaritza eta eskuordetzea

3.1. Legeak eta estatutuek batzarreko bazkideen ordezkaritzari buruz xedatutakoaren arabera, ezintasunen bat dutenen edo adingabeak direnen legezko ordezkariek ere batzarrean parte hartu ahal izango dute, erakunde juridikoen ordezkari gisa, nahiz eta Fiareko bazkideak ez izan.

3.2. Batzarraren funtzionamendurako soilik, “bazkide” deituko zaie bazkideak ez diren ordezkariei ere. Nolanahi ere, ordezkari horiek ere bete beharko dituzte estatutuetako 26. artikuluan aurreikusitako eskuordetzeen eta botoen mugak. 

3.3. Ezingo dira ordezkari izan administratzaileak, kontu-hartzaileak, sozietateko langileak eta hark kontrolatzen dituenetako langileak, legezko ordezkapen-kasuetan izan ezik.

3.4. Batzarrean hitz egiteko eskubidea duten bazkide guztiak izan ahalko dira ordezkariak. Dena den, estatutuetan adierazi bezala, 10 gehiago baino ezingo dituzte ordezkatu, legezko ordezkaritza-kasuetan izan ezik. Gainera, ezingo dira ordezkari izendatu araudi aplikagarriaren arabera ordezkari izan ezin daitezkeen pertsonak.
Eskuordetzea idatziz eman beharko da, eta ezingo da hutsik utzi ordezkariaren izenari dagokion atala. Ordezkaria ordezka dezakeen pertsona bakarra botoaren ordezkaritzan beren-beregi adierazi dena da (kode zibileko 2.372. artikulua).
Ordezkapena egin duenak ordezkaritza-agiria sinatu beharko du eta haren nortasun-agiriaren fotokopia ere erantsi beharko du (bestela ordezkaritza baliogabetu liteke). Pertsona fisikoak ez diren bazkideen kasuan, behar besteko aurrerapenarekin, batzarra egin aurretik agiri gehiago eskatu ahal izango zaizkie, batzarreko parte-hartzea legezkoa dela egiaztatzeko.

4. artikulua.- Batzarrean hitz egiteko eta bilkuraren egoitzara sartzeko legezkotasuna egiaztatzea
4.1. Batzarrean parte hartzeko legezkotasuna bilkura egiten den egoitzan egiaztatuko da, batzarra hasteko ezarrita dagoen ordua baino bi ordu lehenago, gutxienez, deialdiaren jakinarazpenean besterik adierazten ez bada behintzat.

4.2. Batzarrera bertaratzeko, bertan hitz egiteko eta parte hartzeko legezkotasuna dutenek beren burua identifikatu beharko dute sarrera-kontroleko arduradunaren aurrean, nortasun-agiri baten eta deialdiaren jakinarazpenean eskatutako ziurtagiriaren bidez. 

4.3. Lehen sarrera-erregistroan indarrean dagoen edozein parte-hartzailek egindako eskuordetzeak eta botereak soilik parte har dezakete batzarrean.

4.4. Batzarrean parte hartzeko legezkotasuna egiaztatzeko prozesua arintze aldera, bazkideek legezkotasuna egiaztatzen duen dokumentazioa bidali ahalko diote enpresako idazkariari, deialdiaren jakinarazpenean adierazten diren baldintzekin eta modalitateekin bat etorriz. 

4.5. Ordezkapen-botereak egiaztatzeko prozesua arintze aldera, batzarrean parte hartzen dutenek, batzarrean parte hartzeko eskubidea duten legezko edo borondatezko ordezkari gisa, botere horiek egiaztatzen dituen agiri bat bidali ahal izango diote enpresako idazkariari, deialdiaren jakinarazpenean adierazten diren baldintzekin eta modalitateekin bat etorriz.

4.6. Sarrera-kontroleko langileek, parte hartzeko legezkotasuna egiaztatzen dutenean, “onarpen-agiri” bat emango diete. Agiri hori gorde egin beharko da batzarrak irauten duen bitartean, eta erakutsi egin beharko da zerbitzuko edozein langilek hala eskatuz gero.
Horrez gain, bazkideei fitxa bat emango zaie, eta fitxa hori erabili beharko dute bozketetan beren botoa edo ordezkapenezkoa emateko. 

4.7. Batzarraren egoitzan dauden pertsona guztiek osatzen dute quoruma; hau da, bazkideak direla egiaztatzeko sarrerako kontrol-igarobidearen ondoren dagoen batzarraren zatian daudenek.

4.8. Batzarburuak bestelakorik esan ezean, bilkura-aretoan ezingo da inolako grabatzeko tresnarik erabili.
Batzarburuak grabatzeko tresnak erabiltzeko baimena ematen badu, hark erabakiko ditu baldintzak eta mugak.

5.artikulua.- Eragozpenak eta desadostasunak

5.1. Desadostasunik balego batzarrean parte hartzeko eskubideari buruz, batzarburuak hartuko du horri buruzko erabakia, eta erabaki hori apelaezina izango da. Hala ere, batzarburuak beharrezkotzat joz gero, honako hauen laguntza izan dezake: Administrazio Kontseiluko presidentearena, Elkargo Sindikalaren presidentearena eta/edo konfiantzazko abokatuena.

 

 

Fiaretik hurbil, zugandik hurbil