Galiziako ekonomia sozial eta solidarioak argi du: errealitatea ez da bakarka eraldatzen. Horregatik, joan den astean, Fiare Banca Eticak bultzatutako jardunaldi bat egin zen Galizian, hausnartzeko, esperientziak partekatzeko, eta finantza etikoek Galiziako ekosistema ekonomikoaren barruan duten funtzioari buruz berriz ere solasean jarduteko.
Topaketa horrek, “Finantza etikoak Galiziako ekonomian” izenekoak, Ekonomia Sozialeko eta Hirugarren Sektoreko erakundeetako ordezkariak bildu zituen, hau da, beste eredu ekonomiko posible batekin konprometitutako erakundeetako kideak. Jardunaldi aproposa izan zen, kolektiboki pentsatzeko nola sendotu daitezkeen aliantzak hainbat agenteren artean: alegia, pertsonak, lurraldea eta guztion ongia ardatz dituen ekonomiaren alde lan egiten dutenen artean.
Finantzaketa baino askoz gehiago
Finantzak ez dira neutralak. Erabaki ekonomiko bakoitzak eragina du gizartean, ingurumenean eta komunitate gisa erlazionatzeko moduan. Hori izan zen jardunaldi osoan zehar landutako ideietako bat: ulertzea finantza etikoak, banku-tresna bat izateaz gainera, funtsezkoak direla inpaktu sozialeko proiektuei eusteko eta eredu ekonomiko bidezkoagoak eta erresilienteagoak indartzeko.
Topaketan, zenbait gai jorratu ziren: erronka partekatuak, Galiziako gizarte-sarerako aukerak, eta espazioak eraikitzen jarraitu beharra, ekonomia sozialak eta finantza etikoek elkarrizketan eta lankidetzan aritu ahal izateko eta elkarrekin hazteko.

Esperientziak partekatzeko eta aliantzak eraikitzeko gune bat
Jardunaldian, Galiziako hirugarren sektorean eta ekonomia sozialean erreferenteak diren erakundeek parte hartu zuten. Han izan ziren Fiare Banca Eticako ordezkariak eta zuzendaritzako kideak ere, entitatearen begirada gainerakoen aurrera ekartzen: dirua eraldaketa sozialaren zerbitzura jartzeko lan egiten duen finantza-erakunde kooperatiboaren begirada, hain zuzen ere.
Hitzaldiez edo mahai-inguruez gain, topaketak izan zuen bestelako baliorik ere: elkarren artean izandako elkarrizketak, sortutako konexioak, eta aliantzak eratzeko aukera paregabeak, esparru desberdinetakoak izanda ere helburu komunak dituzten erakundeen artean.
Izan ere, bestelako eredu ekonomiko bat bultzatzea ez datza proiektu arduratsuak finantzatzean soilik. Horrez gainera, topaketarako, elkarri entzuteko eta hausnarketa kolektiborako espazioak sortu behar dira, lurraldeetako ekosistema sozial eta kooperatiboa indartzeko.
Haserrea ekintza bihurtzen duten sareak
Jardunaldiko parte-hartzaileen artean, aipatzekoak dira Elvira Rivas, Érguete-ko koordinatzailea, eta Francesca Rispoli, Libera-ko presidentea. Bi erakunde horiek beren esperientziak partekatu zituzten, biak ere borroka sozialari, legezkotasunaren defentsari, eraikuntza komunitarioari eta gizarte bidezkoago baten aldeko lanari lotuak.
Alde batetik, Érguete elkarteak bere ibilbidea gogoratu zuen. Vigon sortu zen, 80ko hamarkadan, Galiziako narkotrafikoaren eta heroinaren inpaktuari herritarrek emandako erantzunaren ondorioz. Lau hamarkada baino gehiago igarota, erakundeak lanean jarraitzen du, bidelaguntza soziala emanez, prebentzioa bultzatuz eta zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonak artatuz. Hala, bizirik mantendu dute Galiziako errealitate soziala sakon eraldatu zuen mugimendu hori.
Bestalde, Rispolik Libera sarearen esperientzia azaldu zuen. Sare horrek mafien, ustelkeriaren eta desberdinkerien aurkako borrokan dihardu Italian, erantzukidetasun sozialaren ikuspegitik. Konferentzian, garrantzi handia eman zitzaion herritartasun aktiboa eraikitzeari, memoria kolektiboa sortzeari, eta ulertzeari justizia soziala eta bakea lortzeko ezinbestekoa dela komunitatearen inplikazioa eta lan kolektiboa.
Ekonomia eragin sozialaren arabera pentsatzea
Gaur egun, ziurgabetasun ekonomikoa, desberdinkeriak eta gizarte- nahiz ingurumen-erronkak bizi ditugun honetan, honelako topaketek mahai gainean jartzen dute zeinen garrantzitsua den pertsonen eta komunitateen benetako beharrekin bat datozen finantza-alternatibak eraikitzen jarraitzea.
Finantza etikoak erantzun horren parte dira. Izan ere, gardentasunaren, parte-hartzearen eta eragin positiboaren arabera ulertzen dute ekonomia, eta balio soziala, ingurumenekoa eta komunitarioa sortzen duten ekimenak babesten dituzte.
Eta, hain zuzen ere, horretan datza honelako jardunaldien zentzua: gogoratzean posible dela bestelako ekonomia bat, eta ekonomia-mota hori existitzen dela dagoeneko; egunero eraikitzen dela, lurraldea kolektiboki eraldatzeko konpromisoa duten sareen, kooperatiben, gizarte-erakundeen eta proiektuen bidez.






Fiare Banca Eticako bazkideen batzarrak balantzea onartu eta Batzorde Etikoa berritu du
2025eko balantzea: nola erabili dira irabaziak?
Banka Etikoak laguntza bihurtu ditu grebak: 40 milaeuro palestinar herriarentzat
Hutsetik hasteak ez du esan nahi bakarrik egotea
Zergatik iristen dira istorio batzuk zinemara… eta beste batzuk ez?