TESTUAREN TAMAINA
KONTRASTE HANDIA (ARGIA)
KONTRASTE HANDIA (ILUNA)
ERABILI DAITEZKEEN LETRA-MOTAK

Finantza etikoak

Finantza etikoei buruzko berri guztiak

Etica e cooperativa

Fiare Banka Etikoko bazkideak gara gure printzipioekiko koherentziagatik.

 

Seryes enpresako zuzendari David Sánchezekin hitz egin dugu. Artekari-enpresa horren nahia da aseguru-sektorera kudeaketa etiko eta gardena eramatea. Fiare bankuko bazkidea da Seryes.

Zerk bultzatu zintuzten Fiare Banku Etikoarekin lan egitera?

Fiareren banka etikoaren eredua kooperatibismoan oinarritzen da erabakiak hartzeko, eta Seryes 80ko hamarkadan sortu zen kooperatiben mugimendu hasiberriari aseguru-zerbitzuak emateko, eta aseguru etikoen hedapena bultzatu du Espainian.

Bi erakundeok DNAn daramagu kooperatibismoa eta Finantza Etiko eta Solidarioen printzipioak partekatzen ditugu (zerbaitegatik dugu Aseguru Etiko eta Solidarioen EthSi Zigilua ziurtagiria). Elkarrekin lan egitea horixe besterik ez da, printzipio horiekin kontsekuentea izatea.

Zergatik izan banku kooperatibo bateko bazkide?

Koherentziagatik. Interes kolektiboen zerbitzura dagoen eredu ekonomiko eta finantzariorantz aldaketa bultzatu nahi badugu, elkar indartu eta hazi behar dugu, marjinaltasunetik ez baita mundua aldatzen. Eta indartzeko eta hazteko, norabide berean egin behar dugu arraun. Horregatik eraman dugu Fiarera gure finantza-mugimenduaren % 90, eta parte hartu dugu kapital sozialaren azken handitzean.

Zein da zuen erakundearen helburua? Eta zein dira zuen lehentasunak une honetan?

Kooperatibei kooperatiben artean aseguruak kontratatzea errazteko sortu zen Seryes, finantza-sektorean guztiz ezezagunak ziren garaian. Gure helburua handixeagoa da orain, baina berbera izaten jarraitzen du: gizartearen zerbitzura dagoen ekonomia bultzatzea, partaidetzakoa eta arduratsua.

Une honetan gelditzen bagara, ikusten ari gara bankuek, hipotekak ematetik etorritako irabaziak jaitsi ondoren, aseguruak merkaturatzera jo dutela, higiezinen burbuilaren inplosiotik etorritako finantza-krisia eragin zuten jardunbide txar berberak inportatuta. Praktika txar horiek geldiarazi nahi ditugu, eta erakundeen eta partikularren artean aseguru etikoak bultzatu.

Zure iritziz, pertsonak kontsumitzeko modua aldatzen ari al dira kontsumo jasangarriago eta arduratsuagorantz? Baikorra al zara alderdi horretan?

Jendea gero eta kontzientziatuago dago, baina informazio argia eta gardena falta da benetan jasangarriak diren kontsumo-aukerak zein diren eta zein ez jakiteko.

Enpresa handiek bete-betean ekin diote Greenwashing praktikari, bi helbururekin: batetik, euren irudia garbitzea, eta, bestetik, herritarren artean jasangarritasunaren inguruan nahasmena sortzea. Zenbait sektorek nahasmen hori baliatzen dute zalantzak sortzeko ekoizpen-eredua beste eredu bidezkoago eta jasangarriago baterantz aldatzeaz ari garenean lortu nahi diren benetako helburuei buruz. Desinformazio hori murriztea da benetako erronka.

Zure ustez, zein izan daitezke bi erakundeon arteko sinergiak etorkizunean?

Elkar indartzen jarraitzeko, produktuak elkarrekin merkaturatzeko bidean aurrera egitea gustatuko litzaiguke. Bezero diren pertsonak eta enpresak beren finantza-erabakietan gero eta ahaltsuago sentitzea nahi dugu, eta dirua erabiltzeko moduak gizartean eta ingurumenean eragin izugarria duela ulertzea.

Bi erakundeetako bezeroak hala dira dagoeneko, finantza etikoen abantailen jakitun baitira eta esperimentatzen baitituzte, baina nahi dugu jakitea haratago ere joan daitezkeela, eta hainbat finantza-aukera dituztela, beren printzipioekin bat datozenak eta zerbitzuak ematean etika profesionalari jarraitzen diotenak.

www.seryes.com

___